XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostiako euskara taldeek bat egin dute

Erredakzioa / Donostia

HAURREN lehen matrikulazio kanpainan D eredua bultzatzeko egitasmoa jarri dute martxan Donostiako Udaleko Euskararen Udal Patronatuak, Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak.

Beatriz Otaegi Euskararen Udal Patronatuko lehendakariaren ustez, haurra eskolaratzeak hasiera ematen dio pertsona bezala hazten eta garatzen lagunduko dion prozesuari.

Eskolaratzea gizartean sartzea da.

Honenbestez, gurasoen erabakiak gizartean eragiten du, Otaegiren ustez.

Donostian euskararen erabilera sustatzeko gaurko haurrek euskara egoki ikasi dezaten ezin-bestekoa da, Otaegiren ustez.

Horretarako, jakina, eskolaren zeregina ukaezina da.

Eta nahiz eta gure belaunaldiak galdu dituen aukerak gure haurren esku egon, erabakia guri dagokigu, dio Udal Patronatuko lehendakariak.

Euskararen alde lanean diharduten erakundeen izenean honako eskaera egin die Donostiako gurasoei Beatriz Otaegik: Zuen seme-alabek euskara egoki ikasi dezaten, D irakas-eredura eraman ditzazuen eskatuko nizueke.

Jakin ezazue, bestalde, legezko eskubidea ere baduzuela horretarako.

Beatriz Otaegiren eskutitzarekin batera, azken urteotako matrikulazio datuak biltzen dituen informazioa igorriko diete Donostiako gurasoei hiru talde hauek.

Euskara ikasteak, haurraren garapena bultzatzeaz gain, beste hizkuntza batzuez jabetzea erraztuko dio, bertan jasotzen denez.

Euskara elementu bateratzailea izanik, eskain iezaiozu zeure seme edo alabari jakin eta erabiltzeko eskubidea.

Emaiozu zuk zeuk izan ez duzun aukera: matrikula ezazu etorkizunerako! leloa da aukeratutakoa.

Semea edo alaba etorkizunerako prestatzeko, D ereduan matrikulatzeko gomendioa egin dute aipaturiko taldeek: Eredu honetako haurrek soilik agertu dute hizkuntza bietan pareko gaitasun maila; beraz, beraiek dira elebidun osatuenak.